Skip links

Sexu abusua haurtzaroan: tabua apurtu, esku hartzean trebatu

Ez erran inori eleberria idatzi zuenean, Maddi Ane Txoperena kontziente zen inpaktu sozial eta politiko bat izango zuela, baina bere asmoa pertsonala eta artistikoa zen: “Gai honekin zerbait egiteko beharra nuen eta literaturaren bidez plazaratzekoa ere”.

JUNE FERNÁNDEZ

Izan ere, euskal literaturan pare bat erreferentzia baino ez zituen idazle eta bertsolari honek txikitan bizi izandako hori islatzen zutenak: Jon Miranderen Haur besoetakoa eta Alaine Agirreren Kamisoi zuri zetazkoa.

Txoperenaren obrak harrera ona izan zuen eta, besteak beste, ikastetxeetara gonbidatu zuten liburua irakurri zuten Batxilergoko ikasleekin solasaldia egiteko. Kontraesana piztu zitzaion orduan: “Ikusi nuen gabezia zegoela gai hau lantzeko orduan, arlo guzietan: komunikabideetan, hezkuntzan, osasungintzan… Ez dakigu nori deitu hitzaldi bat emateko eta tresnak falta zaizkigu. Ni idazlea naiz, ez aditua. Nire bizipen pertsonala kanalizatu dut sorkuntzaren bitartez. Nik nahi izaten dut liburuari buruz hitz egin, literaturari buruz, eta askotan eskatzen didatena da gaiari buzu hitz egitea”. 

Berak hutsune handia sumatu nuen bere esperientzia propioa ulertu ahal izateko, bere nerabezaroan ez baitzuen eskura Ez erran inoriren parekorik. Pixkanaka helduleku gehiago agertu dira, bai eta haur literaturan ere, hala nola Nire gorputza nirea da edota Lolaren bizikleta. Bere kasuan Susana Minguel filosofo eta idazlearen Palabras dislocadas poesia liburua irakurtzea izan zen mugarria, ez bakarrik hitzak eta diskurtsoa topatzeko baizik eta mina sorkuntzara nola bideratu zitekeen ikusteko.

2022an argitaratu zen Ez erran inori. Txoperenaren esanetan, ez da kasualitatea Me too olatuaren ondoren idatzi izana: mugimendu feministaren indarrak erraztu baitu gero eta eraso mota diferenteak publikoki salatzea. Indarkeria matxisten esparruan kokatzen du idazleak haurren sexu abusua, kontuan hartuta ikerketen arabera erasotzaileen % 90a gizonak direla, eta gehienak biktimen aitak edo gertuko senideak. “Gai honetan patriarkatuko instituzio potentea ukitzen dugu, familia, ez duguna zalantzan jarri nahi. Zer egingo dugu aita erasotzaile guzti horiekin?” Ildo horretatik, beste mugarri bat izan zen Bilgune Feministak 2016ko Azaroaren 25eko kanpaina eskaintzea haurren aurkako indarkeria patriarkalaren erroak eta zigorgabetasuna aletzeari.

Tabua urratzeko lanean berebiziko protagonismoa daukate haurtzaroko sexu abusuen bizirauleek, eta horien eskutik euskal hedabideetan ondu dira sakoneko analisiak. Ur handitaneko saioan jasotako testigantzei (biktimenak eta adituenak) testuinguru zorrotza eman zuen Maitane Urizar Gure Sarea elkarteko kidea. 2025an Urizarrek eman zuen sexu abusuei buruzko prestakuntza La Sinsorgako Rote Zora Eskola Feministan.

Ur handitanen azaldu zuen oso zaila dela sexu abusuak prebenitzea, bereziki familia barrukoak: “Apustua izan behar da detekzio goiztiarra eta jardun ona, babes sarea sortzea eta pertsona biktimizatu hori sinetsi dutela sentitzea, azaltzea ez dela bere errua izan”. Justiziaren alorreko gabezia bat aipatu zuen: umeen testigantza berretsi behar diren frogak behar ditu epaileak erasotzailea zigortzeko, baina “perituen, forenseen, osasun edo hezkuntza eremuko profesionalen edota zerbitzu sozialetako langileen txostenak hartzen dira alderdi batenak bezala”, alegia, salatzailearen aldekoa, eta ez sare publikoan detektatutako ebidentzia gisa. Joera hori etsigarria da profesionalentzat, sentituko baitute ez duela merezi halako prozesu gogor batean parte hartzeak. “Horregatik oso inportantea da aurpegia ematen duten profesional horiek babestea”, gaineratu du.

Barnhaus eredua

Nazioarte mailan hedatzen ari den Barnhaus eredua gurean txertatzea da egiteke dagoen beste ildo bat, umeek salaketa prozesuan bizi dezaketen berbiktimizazioa saihesteko diseinatua. “Eredu honetan umeak ez du epaitegietara joan behar, baizik eta operadore juridikoak joango dira berariaz sortutako espazio lagunkori batera”, nabarmendu du aurreko erreportajeetan ezagutu dugun Gema Varona biktimologia ikerlaria. Umeentzat dekoratutako etxe honetan biktimologian aditutako profesionalek egingo diote elkarrizketa haurrari, grabatuko dute eta, modu horretan, ez du epaiketara joan behar izango.

Alabaina, arazoa ez da bakarrik epaitegira joatea. Save the children erakundeak Barnahus eredua ezagutzera emateko sortutako infografia baten arabera, sexu abusuak pairatzen dituela adierazten duen ume batek hiru urte eman ditzake salaketarekin aurrera egiteko, eta epe horretan lau alor diferenteetako zortzi profesionalei kontatu izango die bere historia: irakaslea, gizarte langilea, medikua, psikologoa, peritoa, epailea… 

Save the children Nafarroako bulegoak txosten batean aztertu du instituzio nafarrek sexu indarkeriaren biktima diren haurrei ematen zaien arreta ibilbidea, eta Barnahus eredua ezartzeko proposamena garatu du ere. Nabarmendu dute ez dagoela erkidegoan indarkeria honen erregistro bateraturik eta, hortaz, ezin dela jakin zehatz mehatz zenbat kasu antzematen diren ezta zer ezaugarri dituzten. “Eskura ditugun datuek panoramika zatikatua, partziala eta nahasia eskaintzen dute. (…) Datu ofizialik ez izateak sekretismoa mantentzen laguntzen du, eta arazo larri hori tratatzeko baliabideen orientazioa zailtzen du”, adierazi dute.

Espainiako Estatuan haurren kontrako indarkeria salatzeko obligazioa dute sare publikoko profesionalek. Alabaina, Nafarroako Save the childrenek ohartarazi du betebehar hori bermatzeko ezinbestekoa dela profesionalak prestatzea, eta gabezia hori dela alor honetako arazo larrienetariko bat. 

Protokolo aplikatzeko baliabide eskasak

Steilas sindikatuko idazkaritza feministak berretsi digu prestakuntza falta. Azaldu digute 2024tik badagoela sexu abusuen prebentzioa barnebiltzen duen umeen ongizatea bermatzeko protokolo oso sakon eta zehatz bat, Estatu zein erkidego mailako lege berriei egokitua dagoena. Zentroetako zuzendari berriek horri buruzko prestakuntza jaso behar dute, baina ez dirudi 2024 aurretik izendatutakoek jasotzen dutenik. Klaustroei dagokionez, aukera dute erabakitzeko ea formazio hori sartzen duten ala ez zentroko planean. Beste neurri berri bat da zentro bakoitzean bizikidetzaren arduraduna izeneko figura sortzea, baina honek ere ez du derrigorrez sexu abusuei buruzko prestakuntzarik jasotzen. Halaber, Steilasek kritikatu du eskola publikoetan psikologoen falta handia, eta ahokulari figurek, berriro ere, haien kasa prestatu behar direla gai honetan.  

Erasotzailea hezkuntza komunitateko kidea baldin bada, errazagoa izango da umea beragandik aldentzea, babes neurriak aplikatzea eta (langilea izanez gero) ikuskaritzari notifikatzea, espedientea ireki dezan. Abusuak frogatzen ez badira ere, jarraipena emango zaio kasuari. 

Aldiz, eskolaz kanpoko abusuen kasuan bereziki zaila izango da arazoa identifikatzea eta dagokion instituzioari (udaletxea, foru aldundia, adingabeen fiskala…) jakinaraztea. Umeentzat oso zaila dela identifikatzea babestu behar duten senide horien jarduna indarkeria dela. Hezkuntza komunitateko langileek behatu behar dituzte umearengan egon daitezkeen jokabide aldaketak, esaterako, etxera itzuli nahi ez duela edo bat-batean nota txarrak ateratzen dituela. Aitzitik, Save the childrenen txostenaren arabera, biktimen % 20 eta 30 artean ez dute ondoez sintomarik ageri; askotan sintomak gerora agertzen dira, hilabeteak edo inkluso urteak pasa direnean. Gainera, erakundeak hurrengo joera kritikatu du: nahiz eta sexu abusuak maila sozial eta ekonomiko guztietan ematen diren, alarmak errazago piztea egiturazko babesgabetasun egoeran dauden umeekin, esaterako dutxatu gabe edo txarto elikatuta heltzen diren horiek. 

Hezkuntza langileak ikasle batek sexu-abusuak pairatzen dituen susmoa baldin badu, dagokien instituzioei abisua bidaltzeaz gain familiari aurre egin beharko dio. Kasua muturrekoa denean polizia sartuko da eszenan, baina gainerakoetan familiak baimendu beharko du behaketa zuzena, eta aukera hori ukatzen badu prozesua luzatuko da neurriren bat ezartzeko aukera egon arte. Ondorioz, Urizarrek esan bezala, funtzionarioentzat arrisku handia izango da aurpegia ematea eta askotan ez dute esku hartzerik lortuko. 

Eliza katolikoaren esparruan emandako iraultza gogora ekartzea izan daiteke ezkortasunean katramilatuta ez geratzeko bide bat. Horri buruzko erreportajean Gema Varonak nabarmendu zuen Australian batzorde horien jarduna zabaldu dela umeekin lan egiten duten bestelako egituretara, esaterako kirol eta aisialdi taldeetara. Maddi Ane Txoperenaren esanetan, bada aurrera pauso handia “euskal gizartean gai honek duen garrantzia aipatzea bera, gaiari zentralitatea ematea eta arazo soziala den heinean erantzun eta tresna kolektiboak ematea”. Hurrengo eskaera gaineratu du: elizaren esparruan egin den bezala, beste eremuetan ere haurtzaroan sexu abusuak jasan dituzten pertsonek pairatutako inpaktua eta ondorioak neurtzea: “Bakoitzak egiten du horrekin ahal duena: utzi didan trauma landu behar badut, ni joan behar izango naiz psikologoarena; ez dago kalte hori bere gain hartuko duen instituzio publikorik”.

Pau Lluc i Pérez haurtzaroko sexu abusuen bizirauleak eta gai honetan prestatzaileak Pikara Magazine aldizkarirako idatzi duen artikulu batean gogoratu du haurtzaroko eta nerabezaroko sexu indarkeriaren kontra egitea ez dagokiela soilik biktimei, biktimen elkarteei edota ikerlariei, baizik eta jendarte osoari: “Hitz egin zuen familia-, lagun-, auzo-, elkarte- edo lan-taldeetan. Bozgorailu bat baduzue, erabili. Antolatu hitzaldiak, eztabaida-mahaiak edo sentsibilizazio-jardunaldiak. Zuen artea haurren eta nerabeen babesaren zerbitzura jarri. Idatzi poema bat, abesti bat, margotu mural bat edo grabatu dokumental bat. Partekatu artikulu hau. Edo beste bat. Egin ahal duzuen, nahi duzuen edo dakizuen bezala. Baina egizue zerbait. Izan zineten haurrarengatik, zuen inguruan hazten direnengatik, biharko haurrengatik”.

Un proyecto de La Sinsorga con financiación de Emakunde.