Skip links

Amandine Fulchirone: «Funtsezkoa da sexu-indarkeriaz hitz egitea, baina zer egiten dugu hainbeste minarekin?»

Ikertzaile sozial honek ezinbesteko gakoak ematen ditu emakumeen gorputzetan sexu-indarkeriak eragiten dituen zauriak zein sakonak diren ulertzeko. Sendatu gaitezke, bai, baina askoz errazagoa da elkarrekin egiten badugu.

ANDREA MOMOITIO

Gerraostea Guatemalan. Amandine Fulchironek dio orduan isiltasuna entzuten zela. Sekretu zaratatsua zen tortura sexuala armadak ezarri zuen estrategia genozidaren parte izan zela, baina emakumeen kontakizunak ez ziren entzuten, nahiz eta agerikoak izan. Orain, hamarkada bat geroago, amorrua entzuten da. Yolanda Aguilarren eskutik eta ondoren, beste emakume batzuek (Liduina, Virginia, Elsa, Josefa, Chave, Andrea, Elsa, Malcom eta Brenda) «Actoras del cambio» kolektiboa sortu zuten. Bere kide guztiak izendatzeko eskatzen dit, zeren, dioenez, bidea norekin hasten den jakitea oso garrantzitsua da, gaur gurekin doazenek uzten dituzten aztarnak ezagutzea bezala. Elkarrizketa honetan, Fulchironek, gerra-testuinguruetan sexu-indarkeria sendatzeko ezinbesteko gakoak emateaz gain, feministen artean gertatzen diren indarkeria-mekanismoak aipatu ditu, eta Estatuetatik eta emakumeen gorputzek dituzten zauri sinbolikoetatik harago dagoen justizia lortzeko apustuaz hitz egin du.

Nola sortu zen kolektiboa?

Guatemalara iritsi nintzenean isiltasuna entzuten zen, eta hori gauza izugarria zen. Zerbait egitea erabaki genuen, sendatzen laguntzeko, bizitza berreraikitzeko, errua, lotsa eta izua larruazalean desartikulatzeko.

Nolakoak izan dira lagundu dituzuen sendatze-prozesu horiek?

Oso une konplexuak ziren. Ez zen sexu-indarkeriaz hitz egiten, eta komisionatu militarrak komunitateetan zeuden dena kontrolatzen. Klandestinitatean lan egitea erabaki genuen lasaiago egiteko, baina hiruzpalau urte geroago emakumeek publikoki egin nahi izan zuten. Horrek zer esan nahi zuen hausnartu behar izan genuen: Zer nahi duzue jakitea? Zein baldintzatan? Zein ahotsen bidez? Hasieran haien izenean hitz egin genezan nahi izan zuten, baina istorioak ez zuen pisu bera izango haiek kontatzen ez bazuten. Haien ahotsei esker, gainera, alabek eta bilobek akatsetatik ikas zezaketen. «Memoriaren aldeko jaialdiak» antolatzen hasi ginen. Gertatu zena kontatu nahi genuen, baina ez minetik, guztiz kontrakoa baizik: ikuspegi politiko argia transmititu nahi genuen. Erantzuleak seinalatu eta kontzientzia sortu behar genuen, sexu-bortxaketa krimena delako eta ez dugulako berriro onartuko. Emakume hauek, estigmatizatuak eta baztertuak izan ziren eta bortxatuak izateagatik pariatzat hartzen zituzten, baina, azkenean erreferente bihurtu ziren.

Prozesu terapeutikoak baino ez dira?

Prozesu terapeutikoa da, baina antolaketa politikoko prozesu bati lotuta dago. Sendatze-lanak dena integratzen duen lana eskatzen du: pentsatzea, sentitzea eta egitea. Gure esperientziari buruzko hausnarketatik abiatuta lantzen ditugu irakatsi dizkiguten sinesmenak. Adibidez? Sexualitatearen inguruan. Beren buruarekiko boterea berreskuratu zuten, harreman intimoetan bikotekideei «ezetz» esan ahal izan zietenean. Armadak egindako krimen sexualei buruz publikoki hitz egiten zuten emakumeekin egiten genuen topo, baina eremu intimoetan gertatzen ziren bortxaketa sexualak oso normalizatuak zituzten.

«Genozidioa gertatzen den bakoitzean feminizidioa gertatzen da», diozu.

Bai.

Azaldu, mesedez, zergatik genozidio guztietan emakumeak ere hiltzen diren.

Izan ere, herria edo herri jakin bat hiltzeko, sexu-bortxaketaren bidez modu espezifikoan erasoko diete emakumeei. Feminizidioa sexu-bortxaketaren bidez gertatzen da. Sarraskien aurretik beti dago tortura espezifiko bat: tortura sexuala, ehun soziala suntsitzea, isolamendua, exodoa. Azkenean, indar komunitarioa ehuntzeko aukera mozten du. Horregatik, genozidio baten aurretik, hau da, herri baten suntsipenaren aurretik, emakumeen gorputzen gainetik igarotzen dira, beste gizon batzuengan duten boterea frogatzeko.

Lehenik eta ondoren.

Lehenik eta ondoren. 

Baina feminizidio guztiak ez doaz genozidioen eskutik.

Ez. Ez. Baina genozidio bakoitzak feminizidio bat behar izan du.

Bosnia, Guatemala, Kolonbia… Nabaritzen al da aldaketarik?

Beno, Bosniatik Guatemalara asko nabaritzen da; Guatetik Kolonbiara ere bai. Uste dut kolonbiarrek asko ikasi dutela aurreko esperientzietatik. Emakume feministen mugimenduaren estrategietako asko oroimena, justizia eta egia aitortzean oinarritzen dira, baina badirudi Estatuak aitortu zain gaudela. Gure apustua ez da hori. Guk geuk historia onartu nahi dugu, eta, hortik aurrera, baieztatuko dugu, Estatuaren, inongo epaitegiren eta gizonen balidazioaren zain egon gabe. Gizartearen errekonozimendua da, eta gure baitatik abiatzen da. Uste dut Kolonbian oraindik oso errotuta dagoela Estatuan errekonozimenduaren beharra. Boterearen erreferente sinboliko garrantzitsuena delako ulertzen dut hori, eta zentzua izango luke funtzionatuko luketen Estatuak izango bagenitu, baina horiek ez dira existitzen. Estatuak armada eta paramilitarrak erabili ditu herriak beren lurretatik kentzeko, sarraskiak egiteko. Zure erasotzaileari errekonozimendua eskatzea bezala da.

Eta zergatik tematzen gara hainbeste mugimendu feministatik patriarkala dela dakigun Estatu bati eskaerak egiten?

Eta badakigu, halaber, ez dagoela hori bestela egiteko baldintzarik.

Erantzukizuna estatuena dela eta indarkeria estrukturala dela ulertzen badugu, zergatik aipatu erasotzaileak bereziki, eta ez erakundeak, ez baitute ezer egiten?

Biak behar direla uste dut. Erasotzaileak izendatzea oso garrantzitsua da.

Erasotzaileak banan-banan seinalatzea?

Bai. Oso garrantzitsua da, errua, lotsa eta izua gure gain, salatzen dugunon gain, jartzen dituen mekanismo soziala irauli behar baita. Oso baliagarria da krimena egin duenak erantzukizunak eta lotsa sozialki bere gain hartzea, sendatzen laguntzen duelako. Baina, nola egingo dugu zigor mota hori? Legearen bidez? Komunitatetik? Kolektibotasunetik? Nondik? Nolanahi ere, erasotzailea bakarrik aipatzea ez da nahikoa. Erantzukizuna indibidualizatzen badugu, hau da, kartzelaren logika indibidualizatzen badugu, alde batera uzten dugu zer inplikatzen duen termino sozialetan. Eta epai ustez paradigmatikoak? Zer eraginkortasun dute? Botere-harremanak eraldatzeko adinako eragin politikoa al dute? Botere-harremanak aldatu egiten dira gure botere propioa, indibiduala eta kolektiboa emakume gisa eraikitzen dugunean, gure egia baieztatzeko eta erasotzaileei mugak jartzeko gai garenean. Horrek antolaketa politikoko lan handia eskatzen du, eta salaketa, legeak edo bide penala baino askoz haratago doa.

Guatemalan, kolektiboki lan egitera ohituta dauden komunitateez ari gara. Espazio hiritarragoan, indibidualizatuagoan, konplexuagoa da, baina horregatik askoz garrantzitsuagoa dela uste dut. Auzokideen sareak behar ditugu, emakume gorputz kolektiboa ahalbidetzen duen babes-sare hori, guztiok babesteko.

Posible al da horrelako komunitate bat Mexiko Hirian, adibidez?

Baietz uste dut. Segurtasuna gu geu izatea lortu behar dugu.

«Beldurra aldez aldatuko da» da gero eta ozenago oihukatzen den leloa.

Lotsa eta beldurra itzultzea ezinbestekoa da. Erasotzaileek, bortxatzeari utz diezaioten, muga aurkitu behar dute. Nork jartzen du muga hori? Onena emakumeok jartzea da. Komunitatean errazagoa da, azkar ikusten baituzu nork babes zaitzakeen, zer etxek har zaitzaketen, nork joka dezakeen zurekin. Horrelako hainbat esperientzia bizi izan ditugu, baina errepresaliak oso gogorrak dira. Espazio publikoan ikusgarri egiten den botere sinbolikoa da. Noraino gara gai botere sinboliko patriarkala beste ahots batekin, gure ahotsarekin, indargabetzeko? Errepresaliak ez ziren fisikoak izan, baina tentsio handia zegoen, hitzezko indarkeria oso astuna zen. Hitzezko indarkeriaren eta indarkeria sinbolikoaren aurrean, zer egingo dugu? Aukera asko daude, baina kolektiboki oso indartsu ez bagaude, suntsitu egingo gaituzte. Beldurrak edozein prozesu kolektibo hausten du.

Zer iruditzen zaizkizu #MeToo bezalako mugimendu «birtualak»? Nola egingo dugu jauzi katarsitik ekintzara?

Mundu birtuala izugarria da. Nire ustez, aldatzeko, batez ere emakumeen gorputza gudu-zelai izaten ez jarraitzeko, gure borrokei eta estrategiei gorputza jarri behar diegu. Borrokak gorputz materiala behar du.

Baina gorputza askotan jarri dugu eta kalte handia egin diote.

Ez. Ez dugu kolektiboki eraikitzeko zentzuan jarri, elkarrekin ados jartzeko zentzuan. Jarri dugu, baina haiek harrapatu zigutelako. Funtsezkoa da sexu-indarkeriaz hitz egitea, baina zer egiten dugu hainbeste minarekin? Zer egiten dugu amorru horrekin? Nola eraikitzen dugu hortik aurrera? Berriz ere komunitatean egon behar dugu landu behar duguna egiteko, politizatu behar duguna politizatzeko. Izendatzea gauza bat da, bai, baina gero sexu-bortxaketaren memoria landu behar dugu: zer utzi du gure bizitzan? Zer sinesmen ezarri dizkigu? Nola harremantzen gara ordutik? Nola egongo gara berriz ondo geure buruarekin? Nola fidatuko gara berriz? Nola berreraikitzen dugu gure gaineko boterea? Egunen batean izan ote genuen ere ez dakit. «Gorputza berriro jarri behar dugula» diodanean, ez naiz esposizioan jartzeaz ari, baizik eta gorputz-memoriaren terminoetan lan egiteaz. Bortxaketa sexualak uzten dizkigun zauriak lantzen ez baditugu, botaka egitea besterik ez dugu egiten…, eta inork ez du halakorik entzun nahi. Inork ez. Gorrotatzeko arrazoiak ditugu, eta hori lantzeko eta ateratzeko espazioak behar ditugu, baina aitortu behar da, halaber, gorrototik, erresuminetik, mundu honek ematen digun nazkatik harremantzen ari garela.

Ez dakit leku guztietan berdina den, baina hazi egiten gara pentsatzen bortxatzen bazaituzte ez zarela inoiz sendatuko. Nola egin diezaiokegu aurre ideia horri larritasuna kendu gabe? Virginie Despentesen planteamenduak, adibidez, ildo horretatik doaz eta oso kritikatuak izan dira.

Zaila da. Virginiek asko jartzen ditu zalantzan nire hitzak. Asko hitz egin nahi nuke berarekin. Ez dugu inoiz aukerarik izan, baina asko gustatuko litzaidake. Bortxaketa larria da eta aztarnak uzten dizkizu, baina arrasto horiek zeharka ditzakegu. Ez gara, bortxatu gaituztelako, inoiz burua altxatuko ez dugun horiek. Sexu-bortxaketaren helburua zu suntsitzea da, boterea kentzea, bizitza osoan umiliatuta bizitzea, ezkutuan edo oihuka bizitzea, baina ezer eraldatu gabe. Bada ipuin maia polit bat askatasunaz hitz egiten duena. Ipuinak esaten du gameluak izateko, aurrera jarraitzeko eta menderatuak izateko, hezi gaituztela. Egun batean, gamelu bat esnatu eta pantera bihurtu da. Defentsiban dago, oihu egiten du. Logikoa da, hortik pasatu beharko dugu, amorru hutsa da. Ipuineko pertsonaiak ez du ulertzen. Eta amorruak indarra ematen dio. Baina gero bada beste urrats bat, nire ustez oraindik mugimendu feministan eman behar duguna: askatasuna. Askatasuna da jakitea pantera erabil dezakezula behar duzunean, aukera guztiak dituzulako. Ez bi bakarrik. Askatasuna arranoa ere bada, hegoak irekitzea da, eta ez etengabe gertatutakoari begira egotea.

Nola sendatzen gara gure gorputzetan zuzenean jasan ez dugun sexu-indarkeriatik? Indarkeria sinbolikoak sendabiderik ba al du?

Bai, sendatze-prozesuetatik abiatuta, zuzenean bizi izan ez baduzu ere.

Baina beldurtuta bizi izan zara.

Bai. Gauza askoren errua landu behar da, baita zerbait bizi ez izanaren errua ere. Nire ustez, jarrera horrekin eraikiko dugu etorkizuna edo, gutxienez, bizi-baldintza berriak guretzat. Ez dugu eraikiko denok bortxatuak garelako. Beste bizitza bat eraikitzeko, askatasunaren aukeratik, ongi bizitzeko aukeratik ere inspiratu behar da. Nik sentitzen dut askotan, feminismoan edo feminismo batzuetan, biktimari indar eta botere handia ematen oso harrapatuta gaudela. Eta, jakina, garrantzitsua da kaltea aitortzea! Ez dut esaten garrantzitsua ez denik, baina ezin dugu politika hortik bakarrik egin. Gauza berriak sortzera, benetako aldaketak sortzera, deituko gaituen politika behar dugu. Ez askatasunaz hitz egitea, askatasuna praktikatzea baizik. Ez sendatzeaz hitz egitea, sendatzea baizik. Ez bakeaz hitz egitea, hortik harremantzea baizik.

Sexu-indarkeriaz hitz egiten dugunean, oro har, edo gutxienez gizarte-iruditeria hedatuenean, ingurune heterosexual bateko sexu-indarkeriaz ari gara. Zer gertatzen da lesbianekin, adibidez?

Patriarkatua gizonen gorputzetan gauzatu da, baina emakumeen gorputz batzuetan ere gauzatu da, nahiz eta, egia esan, gizonekin oheratzen ez bazara, sexu-indarkeriaren arrisku txikiagoa izan. Lesbianak zigor objektuak gara, bai. Patriarkatuaren azken helburua gure gorputzez jabetzea da, guri buruz erabaki ahal izateko eta mundu honetan nork agintzen duen erakusteko. Agian, desberdinak dira lesbianen arteko indarkeria-ariketak. Gure artean hitzartu ahal izateko, indarkeria horiek landu behar ditugu, asko estigmatizatzen baikaituzte. Ez dakit beste lurraldeetan berdina den, baina Latinoamerikan, Mexiko Hirian, etsaiak bagina bezala jokatzen dugu. Min handia egiten diogu elkarri. Hori da patriarkatuaren tresnarik eraginkorrena. Ulertu behar dugu zergatik gauden elkarrekin, sendatu behar duguna sendatu behar dugu, hitz egiten ikasi behar dugu, isiluneak hautsi behar ditugu, geure buruari galdetu behar diogu: zergatik haserretzen zara? Zer dago haserrearen atzean? Zergatik ez dut jasaten? Gure espazioetan dauden dinamika emozionalak lantzea, aitortu nahi ez badugu ere. Gogoeta egin behar da, kolektiboz kolektibo, zauri berberek mintzen gaituztelako: «Ez nauzu entzuten», «Ez nauzu ezagutzen», «Ez nauzu maite», «Ahotsa altxatu didazu, eta horrek esan nahi du ez nauzula maite»… Dinamika horiek izendatu, ezagutu eta landu behar ditugu. Actoras taldearen apustua, eta ziurrenik beste kolektibo askorena ere, berriz ere begietara begiratzen ikastea da, botere kolektiboa, benetakoa, eraiki ahal izateko, errepresaliengatik eta mehatxuengatik etzango ez dena, baina ezta gure arteko desberdintasunengatik ere. Horri esaten diogu errekonozimendu, maitasun eta sendatze politika.