Skip links

Eulalia Abaitua Allende-Salazar ezagutzen dugun lehen emakume argazkilari euskalduna izan zen

Eulalia Abaitua Allende-Salazar ezagutzen dugun lehen emakume argazkilari euskalduna izan zen. 1853an Bilbon jaioa, Bizkaiko hiriburuko eta nekazal guneetako emakumeen aurpegiak erretratatu zituen, ordura arte inork ez bezala.

Garaiko emakumeei egindako erretratu kostunbristak ezinbesteko bilakatu dira gure ondarea ezagutu eta ulertzeko. Artistaren obra ikertu duten hainbat adituren iritziz, kazetaritza grafikoa asmatu gabe zegoen garaietan, Eulalia Abaitua Euskal Herriko lehen emakumezko argazki kazetaria izan zen.

Berandu izan dugu Eulaliaren kultur ondarearen berri. Izan ere, Bilboko Euskal Museoak 1990ean ekin zion bilbotar argazkilariaren obra artxibatu eta erakusteari. Ordura arte, ezer gutxi genekien hogeigarren mende hasierako emakumeen esentzia horren modu paregabean bildu zuen artistaren inguruan.

María Elvira Juliana de Abaitua Allende-Salazar, gerora Eulalia Abaitua gisa ezagutuko genuena, 1853ko urtarrilaren 25ean jaio zen, Begoñako elizpean. Arbaso burgesak zituzten María Eulalia Allende-Salazar Eguía gernikarrak eta Luis de Abaitua y Adaro bilbotarrak osaturiko bikotearen alabetako bat izan zen Eulalia.

Erditu eta egun gutxira, Abaituaren ama hil egin zen, eta familiak amaren izena jarri zion bikotearen azken alabari, jaiotzean jarritako Maria Elvira Juliana erabat baztertuz. Eulalia berak eta Felipe izeneko neba nagusiak Bilboko Zazpi Kaleetako etxebizitza batean eman zituzten haien lehen urteak, familiaren inudeetako batekin.

Lehen urte horien inguruan ezer gutxi dakigun arren, 1860an aurki daiteke Abaituaren inguruko hurrengo arrastoa. Urte horretan, Eulaliak Bartzelonako Sagrado Corazón de Jesús de Sarriá izeneko ikastetxean ikasi zuen. Zentroko artxiboa Gerra Zibilean erre zenez gero, ezinezkoa da Abaituak bertan emandako urteen eta ikasgaien inguruko informazioa biltzea.

1870eko azken altxamendu karlistak hirugarren gudu karlista ekarri zuen, 1872an. Gerra iritsi aurretik, Abaitua Allende-Salazar familiak Liverpoolera (Erresuma Batua) joatea erabaki zuen.

Eulaliaren familiak Slaw Street kaleko 69. zenbakian, hiriko Everton barrutian, eraiki zuen bere etxe berria. Bertan, bilbotar gazteak aitaren lagun baten semea, Juan Narciso de Olano itsas ingeniari sevillarra, ezagutu zuen. Elkarrekin bizi izan ziren Liverpoolen, Eulaliak 18 urte bete zituen urtean (1871) ezkondu ziren arte. Ezkontzak Abaitua eta Olano familien arteko lotura estutu zuen, eta Olano, Larrinaga and Co. izeneko nabigazio enpresa sortu zuten elkarrekin, Kuba eta Puerto Rico (orduan espainiar koloniak ziren bi herrialdeak) bitarteko ibilbide komertzialari bidea irekiz.

1870eko hamarkada mugarria izan argazkilaritzaren historian, orduan sortu baitziren gelatina-bromuroa zuten beirazko xaflak (xafla edo plaka lehor gisa ezagunagoak).

Aurrerapen teknologiko hau Liverpoolen gertatu zen, eta jendeak argazkilaritzarekin zuen harremana erabat aldatu zuen. Bada, erretratuak ateratzeko prozesua asko erraztu zen, materiala erosteko beste diru zuen edonork egin zezakeen zerbait izatera iritsi arte. Dirudun horien artean, eta gizonezkoak baino askoz neurri txikiagoan, garaiko emakume batzuk ere hasi ziren argazkilaritzaren munduan murgiltzen. Hala, ordura arte jardun domestikoetan eta esparru pribatuetara mugatuta zeuden andre burgesak kamera hartu eta kaleetara irteten hasi ziren.

Aipatutako berrikuntzak fokuaren atzeko jarrerari ere eragin zion: argazkilari ez profesionalek kaleak hartu zituzten, hirietan bizi ziren pertsonen lehen erretratu xumeak egiteko.

Abaituaren ikasketen inguruko datu gutxi ditugun arren, jakin badakigu Liverpoolen igarotako urteek eragin zuzena izan zutela bere obran. Bada, bertan igarotako hamar urte inguruko epean, artistak bertatik bertara ezagutu zituen argazkilaritzaren etorkizuna irauli zuten berrikuntzak.

Arestian aipatutako xafla lehorrak eramateko, gordetzeko eta erabiltzeko errazagoak ziren, eta ez zuten berehalako errebelaturik behar. Horrela, argazkilaritza asmatu eta berrogei urtera, diziplina honen dimentsio berri bat ireki zen: gaian adituak ziren argazkilariez gain, dirudun familiek ere eskuratu zituzten euren lehen kamerak, ordura arte gutxi batzuen ofizioa zena beste batzuen afizio bihurtuz. Adituen ustez, 1970eko hamarkadan (Eulaliak Liverpoolen bizi zen garaia) sortu zen amateur argazkilaritza.

Argazkigintza margolaritza edo eskultura bezalako arteak ordezteko sortu zela aintzat hartuta, kameren erabilpenaren hedapenak artea herriari hurbiltzeko balio izan zuen: dirua eta denbora zuen edonor murgil zitekeen XIX. mende amaieran sortutako hobby berri honetan.

Testuinguru horretan, goi klaseko emakume batzuk ekipoak erosten hasi ziren, euren mundu ikuskeraren berri ematen hasteko. Erresuma Batuan, garaiko bi emakume argazkilari nabarmentzen dituzte adituek: Julia Margaret Cameron (1815-1879) eta Isabel Agnes Cowper (1826-1911). Bigarren hau, gerora Abaituak hartuko zuen estilotik gertuen zegoena, Londresko South Kensington Museumeko (egun Victoria & Albert Museum) lehen argazkilari ofiziala izan zen, eta hogeitahamar urte eman zituen bertan lanean.

1870eko hamarkadan, argazkilari profesional zein amateurrak estudioko lehen irudi ilunak (lehen argazkia 1826an atera zen) alboratu eta argi naturalaz baliatzen hasi ziren.

Hala, lehen argazkilari zaletuak kalera atera ziren; garaiko azoka, mendi eta kaleen irudiak biltzeko. Langileak, nekazariak, etorbide zabaletatik zihoazen oinezkoak eta animaliak protagonista izaten hasi ziren, argazkilaritzaren korronte errealistari atea irekiz.

Urte gutxiren bueltan, argazkilaritzaren adar batek ikuspegi soziala garatu zuen, garaiko gizartean gertatzen zena dokumentatzeko grinari tiraka. Orduan egin ziren hemeretzigarren mende amaierako langileen ohiturak eta eguneroko jarduna erakusten zituzten lehen irudiak.

Erregistro ofizialik ez dagoen arren, inguratzen zuen testuinguru artistikoa ezagututa, oso litekeena da Eulalia Abaituak argazkilaritzarekin izandako lehen kontaktua Liverpoolen bertan izatea. Ikasketak zituen dirudun etxe bateko alaba izanda, Abaituak etxeko zereginak zokoratu eta irudigintzan trebatzeko aukera izan zuen gaztaroan.

1872an, Abaitua haurdun gelditu zen. Sei urteko epean, Eulaliak eta Juan Narcisok lau seme-alaba izan zituzten Liverpool eta Bilbo bitartean.

1879an, zendu berri zen aitaren herentzia jasota, Eulalia eta sendiak Liverpool utzi eta Bilbora bueltatu ziren, betirako. Aitak utzitako Begoña auzoko lursail batean El Pino jauregiaren eraiki zuten. Etxebizitzaren sotoan, gure protagonistak bere lehen argazkigintza laborategia sortu zuen.

Bilbon 10 urte zeramatzatenean, 1909eko maiatzean, hil zen Juan Narciso de Olano, Eulaliaren senarra. Abaituatarrek El Pinon bizitzen jarraitu zuten 1936an espainiar Gerra Zibila iritsi zen arte. Urte horretan, Eulalia eta seme-albak etxez aldatu ziren, Bilboko erdiguneko etxebizitza batera.

Liverpoolen ikasitakoarekin eta bertan erositako materialarekin, Eulalia Abaituak bere pasioan sakontzeko aukera izan zuen gerra aurreko Bilboko kaleetan. Garaiko emakume askok ez bezala, Eulaliak etxetik atera eta kanpoan gertatzen zena ikusi eta munduari kontatzeko aukera izan zuen. Bereak ez ziren errealitateak bertatik bertara ezagutzeko parada izan zuen, klase burgesaren eta langile klasearen artean zegoen muga zurruna zeharkatuz.

Argazkilariak hemeretzigarren mende amaierako industrializazioaren esentzia harrapatu zuen Bilbon, nekazarien lana Arratian, emakume adindunen aurpegiak Elorrion eta kresalak bustitako langileen keinuak Santurtzi eta Ondarroan.

Gainera, Abaitua aitzindaria izan zen garaiko Bilbo eta inguruetako festa eta ohituren erretratugintzan. Berak utzitako ondareari esker ezagutzen ditugu garai horretan Begoñako Ama Birjinaren bueltan egiten ziren festa eta erritualak.

Bere elizbarrutian oinarritutako argazki sortan (1900 urtekoak gehienak), Basilikaren inguruan egiten zen azokako emakume sukaldariak, Begoñara iristen ziren erromesak, bertan egiten ziren erromeriak eta prozesioak ikusi ditugu.

Arte disziplina honetan ohikoak ziren konposizio dramatiko eta folklorikoak eraiki beharrean, Abaituak nahikoa zuen testigantza hutsarekin; ekitaldi horietan gertatzen zenaren esentzia jaso eta dokumentatzearekin, alegia.

Nor zen ez dakigun arren, jakina da argazkilariak laguntzaile bat zuela; Abaituaren irudi batzuetan emakume gazte bat agertzen baita, argazkilariaren materialari eusten. Eulaliaren argazkiek erakutsi digutenez, laguntzaileak tripodea, erretratuen atzealdean jartzen zuten oihala eta behar zuten bestelako material guztia eramateko ardura zuen. Hala, urte horietan ezohikoa zen bikote artistikoa osatzen zuten Abaituak eta bere laguntzaileak.

Kamera atzeko lanetan murgilduta, Abaitua bera agertzen den argazki gutxi daude bere artxiboan. Hala ere, bere obrako irudi askotan oso berezia den elementu bat aurki daiteke: Eulaliaren euritakoaren itzala. Izan ere, udako egun eguzkitsuetan, Abaituak euritako handi batekin babesten zuen bere burua, itzala sortu eta erretratatzen ari zen hori ganoraz ikusteko. Hala, argi asko duten argazkietako batzuen behealdean, Eulaliaren eta bere euritakoaren gerizpea ikus daiteke.

Honez gain, badago bilbotar argazkilariaren obra bereizteko beste ezaugarri bat: A (abizenaren lehen letra) batekin sinatzen zituen bere irudi guztiak.

Erresuma Batuan barneratutako korronte errealisten eraginez, Eulaliaren lanak kutsu dokumental garbia hartu zuen. Goi burgesiaren errealitate erosoa alde batera utzita, lanak, hiriko erritmo biziak eta landa eremuetako istorioek sekulako garrantzia izan zuten bere obran.

Klaseaz gain, argazkilariaren obrak bazuen beste elementu apurtzaile bat: emakumeen presentzia. Eulaliaren Obraren gehiengoan (Bilboko Euskal Museoak gordetzen duen artxiboan) emakumeak dira nagusi. Modelo gehienak, posatzen zutenak eta ustekabean harrapatutakoak, adin eta forma anitzeko emakumeak dira.

Artxibo oparoa utzi zigun arren, Eulalia Abaitua argazkilari amateur gisa sailkatu zuten bere garaikideek. Profesionalizazioari uko egite horrek mesede handia egin zion Abaituaren mundu ikuskerari, bere jardun gustukoenean askatasunez aritzeko aukera eman baitzion. Bezeroen eta nagusien presio eta agindurik gabe, Abaituak artifiziorik gabeko begirada antropologiko eta errealista bat eskaini zigun. Ikuspegi horretaz baliatuta, gure protagonistak kamera aurrean posatzen duten modeloen, lurra ereiten ari diren nekazari irribarretsuen eta Erriberako Merkatuan arraina saltzen ari diren emakumeen irudi ederrak utzi dizkigu.

Argazkietan agertzen diren emakumeen aurpegi, arropa eta jardunak Eulalia Abaituaren interesen isla dira: bazterretan aritzea maite zuen argazkilariak, inork kontatu gabeko istorioak kontatzea. Laborariak, saregileak, sardinerak, barazki saltzaileak, jostunak, esne saltzaileak eta inudeak dira Abaituaren obraren muina.

Jendea bere testuingurutik aldentzen zuen estudioko argazkilaritza deuseztatuz, bilbotarrak garrantzi handia eman zion bere modeloen eguneroko mapari. Abaituaren emakumeak familiaz, abereez eta lan tresnez inguratuta ageri dira, eta naturak pisu handia du gehienetan.

Begoñako erromesaren erretratu ezagunetik hasi eta Dima, Zeanuri eta Etxebarriko baserrietako emakume edadetuenetan bukatuta, Abaituak XIX mende bukaera eta XX mende hasiera bitarteko Bizkaia erakutsi zigun. Hala, bere katalogoan haizeak, eguzkiak, lanak eta urak belztutako aurpegiak aurkituko ditugu, baita bizilekua abereekin partekatzen duten haurrez beteriko familia handiak ere.

Mendialdeko eta kostaldeko espedizioez gain, Abaitua El Pino jauregiko lorategi eta geletan trebatu zen. Bada, Abaituatarren etxeko langileen, garbitzaileen eta inudeen hainbat argazki daude. Horien artean, badago erregistratutako emakume bat: Rosario Arabio-Urrutia Balciscueta garbitzailea Abaituaren modeloa izan zen hainbatetan.

Langileen irudiez gain, Abaituak familiako artxibo pribatu oparoa sortu zuen. Garbiñe Olano Galdós (1913-2015) bilobaren testigantzaren arabera, amona bisitatzen zuten guztietan argazkiak ateratzen zizkien, eta familiako kide guztientzako kopia umelak banatzen zituen.

Eulalia Abaituak Bilboko Kale Nagusiko 58. zenbakiko etxebizitza batean igaro zituen bere azken egunak. 1943ko irailean zendu zen, 90 urte zituela, eta Juan Narciso senarrarekin hilobiratu zuten, Begoñako hilerrian. Argazkilariaren heriotzaren 67. urteurrenean, Bilboko Udalak Eulalia Abaitua izena jarri zion Txurdinaga auzoko kale bati.

1990ean, Abaituaren familiak Bilboko Euskal Museoari utzi zion artistaren obraren gehiengoa (2.500 argazki). Horietako asko ikusgai izan dira bertan, 2021ean, eraikina berritzeko lanak tarteko, museoa itxi zuten arte.