Skip links

Emma Chacón i Lausaca: Bilbon igaro zituen bere bizitzako azken 60 urteak. 

Emma Chacón i Lausaca XX. mende hasierako musikagile eta pianista izan zen. Katalunian jaioa, Bilbon igaro zituen bere bizitzako azken 60 urteak. 
172 pieza sortu zituen arren, gehienak pianorako abestiak, ez zuten inoiz konpositore profesional gisa hartu. Afizioari urte asko eskaini zizkion, baina sortutako obrak ez zion musikaz bizitzeko beste dirurik eman.

Emma Chacón i Lausaca Bartzelonan jaio zen, 1886ko urriaren 24an. Enriqueta Lausaca i Bordoy eta Enrique Chacón Sánchezen alabak Passeig de Gràciako etxebizitza batean eman zituen bere bizitzako lehen urteak, artearekiko zaletasun argia zuen familiaren baitan.

Familiaren maila ekonomiko altua tarteko, Chaconek piano klaseak hartu zituen umetan, etxean. 1901ean, Enric Granados konpositore, pianista eta pedagogoak Academia Granados (gerora Academia Marshall izango zena) sortu zuen, XX. mende hasierako Bartzelonan erreferentziazko kulturgune bilakatu zen zentroa.

Granadosek pianoko teknika eta interpretazio metodoak erakusten zituen, eta gerora ezagunak izan diren hainbat konposatzaile bere akademiatik atera ziren. Musika eskola gisa sortu zuten arren, Academia Granados ikasketa zentro bat baino askoz gehiago zen, eta garaiko arte zentro esanguratsuenetako bat izatera igaro zen, denbora gutxian. Zentroko ikasleen kontzertuez gain, eztabaidak, entzunaldi bereziak eta kanpotik zetozen profesionalen klase magistralak izaten ziren bertan.

Emma Chacón Academia Granadoseko lehen ikasleetako bai izan zen; izan ere, gure protagonistaren izena zentroa ireki zuten urteko (1901) artxiboetan ageri da. Bertan, pianoa, armonia, konposizioa eta kontrapuntua ikasi zituen Enric Granados eta José Ribera i Miró irakasleen eskutik.

XX. mende hasierako neskatoek musika etxean ikasten zuten arren, badaude salbuespen batzuk. Esaterako, Granadosen eskolako lehen ikasleen artean, Emma Chaconek Conchita Badía soprano eta pianista ezagunarekin kointziditu zuen.

Akademian sartu eta bost urtera, 20 urte zituela, eman zituen Chaconek bere lehen piano kontzertuak. Garai horretakoak dira Bizkaiko Foru Aldundiaren Artxibo Historikoan gordeta dauden artistari buruzko lehen eskuidatziak.

‘Mis composiciones’ titulupean, Emma Chaconek 1905 eta 1912 bitartean konposatutako hainbat piezen zerrenda aurki daiteke artxibo horietan, Chaconen grafia zainduaz idatzita. Miniatura para piano, Sardanas y Tempo de Gavota, Clar de Llune eta Vals para piano dira bertan topatu daitezkeen izenetako batzuk.

Aipatutako dokumentuan, agerikoa da Chaconen obraren bilakaera. Sortutako lehen abestiak piano eta ahotserako pieza laburrak dira; azkenak, ostera, opereta bat eta bere kanta propioen orkestrarako bertsioak.

1912an, Chaconek bere sorkuntzen lehen aroko azken pieza sinatu zuen urtean, José Ribera i Fontekin ezkondu zen. Margolaria eta poeta (Emmaren hainbat pieza senarraren poemetan oinarritu ziren), Chaconen senarra José Ribera i Miró Granados akademiako irakaslearen semea zen. Ezkondu eta berehala, Bilbora mugitu ziren, betirako bizileku bila.

Bizkaiko hiriburuan, bikoteak bederatzi seme-alaba izan zituen. Horietatik hiruk soilik lortu zuten bizirautea: José Luis, Miguel Ángel eta Mariemma. Bilbora heldu berritan Begoñan bizi izan ziren, eta Korreo kalea, Plaza Berria eta Algortatik igaro zen familia, Henao kaleko etxebizitza handi batean finkatu ziren arte.

Hildako sei seme-alaben doluak, familiaren zaintzak eta Gerra Zibilak markatutako 30 urteko epean, ez dago Emma Chaconen sorkuntzen inguruko berririk.

Hiru hamarkada horietan abestirik idatzi ez zuen arren, badakigu artistaren etxean musikari lotutako tertuliak antolatzen zituztela. Familiaren gertuko iturrien hitzetan, Chaconek eta senarrak artearen eta musikaren inguruko artisten bilerak antolatzen zituzten, astero.

Mariemma alabaren testigantzaren arabera (‘Emma Chacón, una compositora bilbaína’ Isabel Díaz Morlanek 2000. urtean idatzitako liburuan jasota), bikoteak sorkuntzarako bi espazio zituen Henao kaleko etxean: Riberak margotzeko gela bat zuen, eta Chaconek musika sortzeko estudio txiki bat. Txoko horietan hartzen zituzten bisitak; eta pianoa jotzeaz gain, kulturari lotutako eztabaidak izaten zituzten.

Garaiko emakume musikari gehienek piano klaseak ematen zituztela kontuan izanda (joskintzarekin batera, erdi klaseko emakumeek izan zuten lehen lan ordainduetako bat izan zen), Chacón anbizio handiko musikaria izan zela esan daiteke. Izan ere, irakasle izateko aukera baztertuta, zuen denbora guztia bere teknika eta adierazpen artistiko propioa garatzeko baliatu zuen.

Familiaren egoera ekonomiko erosoa probestuz, Chaconek bere etxean garatu zituen bere konpositore dohainak, inguruan zuen artista eta sortzaileen sareak inspiratuta.

Hala, etxean egiten zituzten tertuliak ez ziren izan 30 urteko epean artistak musikarekin izandako hartu-eman bakarrak. Bilboko Elkarte Filarmonikoko bazkidea zen, eta Jesús Guridi, Resurrección María de Azkue eta bere obran eragina izan zuten garaiko konposatzaile ezagunen kontzertuak bertatik bertara bizitzeko aukera izan zuen, hainbat urtez.

Bilbora iritsi eta 30 urtera, 1942an, berreskuratu daiteke Emma Chaconen arrasto publikoa. Urte horretan, konposatzaileak eta bere senideek Impulso izeneko argitaletxea sortu zuten, musikariaren obra argitaratu eta zabaltzeko helburuarekin.

Zigiluaren sorrera mugarria izan zen Chaconen ibilbidean: autoedizioaren bidetik, bere obra merkaturatu eta ‘Seis estudios para piano’ izeneko liburuxka erregistratu zuen, lehen aldiz, Jabetza Intelektualaren Erregistroan. Impacto argitaletxeak liburuxkaren 300 ale kaleratu zituen, katalogoan irakurri zitekeenez, “kontserbatorioetan eta piano akademietan zabaltzeko” material gisa.

Impacto sortu eta urtebetera, 1943ko uztailean, Emma Chaconek (dokumentatuta dagoen) lehen kontzertu publikoa eman zuen Bilbon. Abandoko San Vicente Mártir elizan, Chaconek ahotsa, pianoa eta bi biolinentzat sortutako ‘Ave Maria’ pieza aurkeztu zuen.

Jendaurreko lehen agerpen horren atzetik, musikariak beste hainbat konposizio estreinatu zituen Bilboko eliza eta aretoetan, aurkezten zuen kanta berri oro ofizialki erregistratzen zuen bitartean.

Isabel Díaz Morlanek arestian aipatutako liburuan azaldu bezala, musikagilearen abestiek inspirazio iturri anitzak zituzten: erromantikoa (lengoaia tonal eta hurbila), frantsesa (inpresionista eta kromatismoz betea) eta espainiar kantugintzaren topikoekin bat egiten duten beste hainbat ezaugarri.

Chaconen obran intimismoa eta interpretazio leun eta bizia dira nagusi. Gehienetan, tradizio erromantikoa eta herriko musika uztartzen dituen abesti hispaniarren tradizioarekin bat egiten duela dio Díaz Morlanek.

Ahotsaz lagundutako konposaketek ere aipatutako izaera intimista eta erromantikoa dute. Arrullos Op. 110 eta Nocturno Op. 134en (orkestrarako piezak biak), adibidez, Chaconek emakume burgesen arteko harremanak eta partekatzen zituzten espazioak ditu hizpide.
Bestela, musikariaren obrak sentimenduetan, poesiak sortutako emozioetan eta adierazpen intimoetan sakontzen du.

1946an, Emmak Bilbotik Bartzelonara bidaiatu zuen, bere hiritik kanpo ematen zuen lehen errezitaldi publikoa emateko. Bartzelonako Coliseumeko Kupulan izan zen, eta idatzizko erregistrorik ez dagoen arren, katalanez idatzitako hiru kanta aurkeztu zituen bertan.

1947ko apirilaren 20an, Emma Chaconek berak konposatutako hamazazpi pieza jo zituen zuzenean, Bilboko Elkarte Filarmonikoko bazkideen aurrean. José Vitoria (biolina), Clara Bernal (pianoa) eta Peita Lopezek (ahotsa) lagunduta, musikariak bere abesti propioen errezital luzea eskaini zuen estreinakoz, sonadun areto batean.

61 urte zituen orduan musikagileak, eta Filarmonikako zuzenekoa bere ibilbide artistikoko une gogoangarrienetako bat izan zen. Bertaratu zirenen zorion mezuez gain, garaiko komunikabideen babesa jaso zuen Chaconek. Hala, El Correo Español egunkariaren kronikaren tituluan, “Emma Chaconen arrakasta Filarmonikako errezitalean” irakur zitekeen. Isabel Díaz Morlanen liburuan irakurri daitekeenez, egunkariak egile handitzat jo zuen Chacon, baina “etxeko” izenondoa gehitu zion, orduko gizarteak emakume sortzaileei kentzen zien garrantziaren erakusle gisa.

Kontzertu berezi honen atzetik beste hainbat etorri ziren, Langileen Patronatuko Antzokian eta Abandoko San Vicente Mártir parrokian gehienak. Gainera, Chaconek Bilbotik ateratzea lortu zuen, gehien bat Bartzelona eta Zaragozara.

Impulso argitaletxearen sorrera eta jendaurreko errezitalak ez ziren izan bere musika munduratzeko bide bakarrak. Bada, aurkitutako grabazioen artean, 1954an Radio Bilbaorentzat egindakoak topatu dituzte. Zinta horietan, Don Sabino Ruiz Jalón aurkezleak Emma Chaconek jo eta Pepita López Español sopranoak abestutako hamar kantako audizioa aurkezten du.

1960tik 1963ra, Chaconek bere konposizioekin ondutako beste zazpi zinta magnetofoniko grabatu zituen. Bertan, Emmak berak aurkezten ditu abestiak, irratian emititzeko propio grabatutako zinta dela aipatuz. Gainera, senarraren eta semearen ahotsak entzuten dira grabazioan, ingurukoen laguntza eta babesa agerian uzten duen keinua.

Heriotza agiriaren arabera, Emma Chacón 1972ko abuztuaren 28an hil zen, 85 urterekin, gaixotasun baten ondorioz. Hil aurreko azken bi hilabeteetara arte, artistak bere obra erregistratzen jarraitu zuen, azken 30 urteetan bezala.

2022an, Chaconen heriotzaren 50. urteurrenean, Bilboko Arriaga Antzokiak kontzertu berezi bat iragarri zuen, “musikagile handi baten lan bikain bezain paradoxikoki ezezagun samarra” aldarrikatzeko. 2022ko martxoaren 7an, Eugenia Boix sopranoa, Annika Berscheid biolinista, Susana G. de Salazar Ubis pianista eta Mercedes Albaina dibulgatzaileek Emma Chaconek utzitako ondarea omendu zuten.