
Ángela Figuera Aymerich 1902an Bilbon jaiotako poeta, irakasle eta itzultzailea da. Bere obra ezezagunagoa den arren, Gabriel Celaya, Blas de Otero eta Gabriel Aresti euskal poeta ezagunen garaikidea izan zen. Batxilergoa ikasi zuen lehen emakumeetako bat izan zen Figuera. Emakumeek gizartean zuten rola, amatasuna, zapalkuntza frankista eta askatasun beharrari idatzi zion.
Ángela Figuera Aymerich 1902ko urriaren 30ean jaio zen, Bilboko Espartero (gaur egun Juan de Ajuriaguerra) kalean. Jesús Ángel Figuera Figuera eta Amelia Aymerich Sánchezek izan zituzten bederatzi seme-alabetan lehena izan zen Ángela. Aita Kuban jaio zen, valentziar jatorria zuen arren, eta ingeniaria eta katedratikoa izan zen. Ama, ostera, Alcirako artisau familia batean hazi zen, eta etxean eman zuen helduaro osoa, osasun arazoak tarteko.
Ángela Figuerak Bilboko Kale Nagusiko Sacré Coeur moja frantsesen ikastetxean ikasi zuen. Aitak bultzatuta, Bilboko Ingeniari Industrialen Eskolako katedraduna eta margolari zaletua zen, Ángelak oso umetatik garatu zituen artearekiko jakinmina eta sentsibilitatea.
Eskolako ikasketez gain, alabaren gose artistikoa asetzen saiatu zen aita, eta ohikoa zen aita-alabak operan eta antzerkian elkarrekin ikustea. Ángelak berak idatziz laga zuenez, aitaren izaera proaktiboari eta eskuzabaltasunari esker ikasi zuen, ume umetatik, sormena bideratu eta modu askean pentsatzen.
Figueratarren gurasoek ez zuten seme eta alaben arteko bereizketarik egin: garaian ezohikoa zen arren, neba-arreba guztiei eman zieten etxetik kanpo ikasi edota ofizio batean trebatzeko aukera. Hala, Ángela Figuera espainiar Estatuan Batxilergoa ikasi zuen lehen emakumeetako bat izan zen.
Horrela kontatu zion poetak berak Robert Saladrigas kazetariari, 70eko hamarkadan egindako elkarrizketa batean: “Batxilergoan bost neska ginen, ehun eta berrogeita hamar mutikoren artean”.
Garai honetan hasi zen Figuera bere lehen poema eta ipuinak idazten. Gordeta dauden arren, senideek ez publikatzea erabaki zuten, Ángelarentzat (bere buruarekin oso kritikoa zela zioten hurbilekoek) ez baitziren bere obraren parte.
Goi mailako ikasketak burutzen zituen bitartean, idazleak irakurzaletasuna eta literaturarekiko miresmena neba-arreben zaintzarekin uztartu behar izan zituen. Izan ere, Figueratarren amak osasun arazo larriak izan zituen, eta gaztea zela gor gelditu zen. Hala, zerbitzaria eta inude bat zituzten arren, Ángelak hartu zuen etxekoen zaintzaren ardura, txikien babesleku bilakatuta.
Horrela azaldu zuen Diego Filguera poetaren nebak: “Inude bat geneukan arren, berak (Ángelak) zaintzen gintuen eta gurekin zetorren leku guztietara. Ama gorra zen eta Ángela arduratu zen nitaz, inor baino gehiago”. (Maria Bengoak idatzitako ‘La Poeta Ángela Figuera’ liburutik ateratako testigantza).
Aitak Odontologia ikastea nahi zuen arren, Ángela Valladolideko Unibertsitateko Filosofia eta Letren fakultatean matrikulatu zen 1925ean, ikasle libre gisa.
Urtebete geroago, poetak bere gaztaroko une latzenetako bat bizi izan zuen: aitaren bat-bateko heriotza. Doluak zeharkatuta, eta familiaren egoera ekonomikoa ahultzen zihoala ikusita, Ángelak unibertsitatea bukatzea erabaki zuen.
Madrilera joan zen, eta bertan ikasi zuen lizentziaturako azken urtea, osaba-izeben etxean. Jendez beteriko etxe hartan ezagutu zuen Julio Figuera lehengusua, eta maitemindu egin ziren.
1928an, Ángela Bilbora bueltatu zen, eta Aceros Poldi izeneko metalurgia enpresan hasi zen lanean, administratibo gisa. Bi urtez, bere lehen poemen idazketa, lana eta familiaren zaintza uztartu zituen.
1930ean, Amelia amona hil zen (eurekin bizi zen amaren ama), eta Figuera Aymerichtarrek Madrilera mugitzeko erabakia hartu zuten. Espainiako hiriburuan zituzten senideen babesaz baliatuta, bizitza berri bati ekin zioten.
Ángela irakasle lanetan aritu izan zen, Decroly eta Montessori ikastetxe pribatuetan. Lan horiekin batera, ikasgai partikularrak ematen zituen.
1934an, Ángela Figuera Julio Figuera lehengusuarekin (ofizioz, ingeniaria) ezkondu zen. Ángelak Literatura katedradun plaza lortu zuen Huelvan, eta bikoteak bertara mugitzeko erabakia hartu zuen.
Bi urte igarota, poeta bere lehen semeaz erditu zen, baina haurrak ez zuen biziraun, erditzean izandako konplikazioak tarteko. Bikotea Madrilera itzuli zen eta 1936ko abenduan, Gerra Zibila ekarri zuen altxamendu militarretik bost hilabetera, jaio zen Juan Ramón, Ángela eta Julioren semea. Amak gerora azaldu zuenez, Juan Ramón Jiménez poeta ezagunaren omenez jarri zioten izena.
Semearen jaiotzak Figueraren obran ezinbestekoa izan zen gai bat azaleratu zion: amatasunarena. Hala, horrelako pasarteak aurkituko ditugu urte batzuk igarota kaleratuko zuen ‘Mujer de barro’ izeneko lehen olerkarian (itzulitako testua): “Buztinezko emakumea naiz, buztinezkoa: baina maitasuna magalean loratu zitzaidan”. Artistaren lehen aroan, semearekin zuen harremanak isla berezia izan zuen bere lanetan, besteak beste, “Semea”, “Erditzea” eta “Fruitu borobila” izeneko tituluetan ikus daitekeenez.
Juan Ramón jaio eta gutxira, Julio Figuerak errepublikarren bandoan eman zuen izena, eta atxilotu egin zuten. Ángela bakarrik gelditu zen, semearen zaintzaren arduradun gisa. Honek lanean jarraitu zuen, irakasle gisa, Valentzian eta Murtzian.
Gerra bukatuta, Julio espetxetik atera zuten 1938an, eta familia osoa Madrilera itzuli zen. Bertan, poetak zigor politikoa jaso zuen: Estatuak irakasle titulua kendu zion, Errepublikaren alde agertzeagatik. Garai horretan, familiak denboraldiak igaro zituen Sorian, eta bertako paisaiek urte batzuk geroago argitaratuko zen artistaren bigarren obra inspiratu zuten.
Irakasle gisa lan egiterik izan ez zuen urte hauetan, Figuerak idazteari ekin zion, Juan Ramón semea hezten zuen bitartean. 1948an, 46 urte zituela, kaleratu zuen bere lehen poema liburua: ‘Mujer de barro’. Poetak berak “hasiera berantiar” gisa definitu zuen kaleratze horrek ia berrogei urteko idazketa maratoiaren hasiera suposatu zuen.
‘Mujer de barro’ eta ‘Soria pura’ (1949), idazlearen lehen bi poema liburuak, Ángelak berak “aro subjektibo” izendatu zuen garaiko obrak dira. Lehen liburu horietan, Figuerak identifikatzeko errazak ziren elementu herrikoiez josi zituen olerkiak. Nostalgiaz, erotismoaz eta amatasunaz idatzi zuen, garaiko poeta gizonek ez bezala.
Emakume, alaba eta ama izateak bere bokazio artistikoan izandako eragina kontuan izanda, Figuerak honako lerroak idatzi zituen “Rebelíon” izeneko poema ezagunean (jatorrizkoaren itzulpena): “Amak izango dira nahikoa da esango dutenak. Mendez mende lanean, otzan, aritu diren emakumeak, pazientziadunak, behi mantsoen antzera, erditu eta orro luze eta minbera batekin kumearen lapurreta eta sakrifizioa onartzen dutenak”.
Artistaren poemen ikuspegi feministari dagokionez, Mercedes Acillona Deustuko Unibertsitateko irakasleak Latinoamerikako poetek Figueraren obran izandako eragina nabarmendu du. Bada, ikertzailearen aburuz, Alfonsina Storni, Juana de Ibarburu eta Gabriela Mistralen obraren zantzuak aurki daitezke gure protagonistaren olerkietan.
Acillonaren hitzetan, bilbotar idazlea “gure egilerik sozialena” izan zen eta “ikuspegi oso originalaz baliatu zen, emakumearen optikaren bitartez, garaiko injustiziaren kontrako kantua sortzeko”.
Artistaren lehen poema liburuan, emakumeek gizartean zuten rolaren kontrako aldarria egin zuen “Mujer” izeneko honetan: “Nolako huskeriaz, nolako arintasunez deitu zidaten poeta, lore, perfume!… Ez naiz lorea, loratu egiten naiz. Mugitu gabe hartzen dut arnasa. Hazia ematen didate eta nik fruitua ematen dut. Ura nire baitan dabil, baina ez naiz ura”. Hala, artistak emakumeen identitatearen pertzepzioa aldatzeko beharra azpimarratzen du, orduko emakume sortzaileen zokoratzea salatuz.
1950ean, Ángela Figuera itzulpengintzaren munduan murgildu zen; batik bat, ingelesez eta frantsesez idatzitako testuak itzultzen zituen. Testu horiei esker, Madrilgo Biblioteka Nazionaleko jendea ezagutu eta lanpostu bat lortu zuen bertan. Horrela, goizak bibliotekan ematen zituen, liburuzain lanetan, eta gauetan idazketari ekiten zion.
Lan faltarik ez zuen arren, arratsaldeak betetzeko proiektu berritzailea ezagutu zuen: Bibliobusa. Literatura eta irakurtzeko ohitura Madrilgo periferiako auzoetara hurbiltzeko liburutegi ibiltari gisa sortu zen egitasmoa, eta Ángelak oso egun zoriontsuak eman zituen bertan.
Urte hauetan guztietan, Figuerak artearen munduko hainbat lagun egin zituen. Tartean, Gabriel Celaya eta Blas de Otero euskal poetak. Urteetan zehar, gutun bidezko harreman estua izan zuen biekin. Ohikoa zen bi idazleak Ángelak Madrilen eta Bilbon (Rafael nebaren etxean) antolatzen zituen solasaldietan ikustea. Bilera horietan, garaiko lagun idazle eta intelektualak (antifrankistak denak) elkartu eta politikaz eta poesiaz aritzen ziren.
Celaya, Otero eta Figuera, Garbiel Aresti bilbotarrarekin batera, korronte baten protagonista bilakatu ziren: gerra osteko euskal poeten laukotea. Taldeko lau idazleen obra aldarriz betetakoa zen, eta boterearekin kritiko agertzen ziren denak.
Berrogeita hamarreko hamarkadan, Figuerak bere obraren aro politikoenari bidea ireki zioten bi liburuak kaleratu zituen: ‘El grito inútil’ (Ifach garaikurra jaso zuen lana) eta ‘Víspera de la vida’. Bietan, emakumeen kontrako zapalkuntzaz idatzi zuen, zorrotz eta trebe. 1953an, ‘Los días duros’ izeneko seigarren liburuan, egileak España frankistaren miserietan sakondu zuen, berezkoa zuen estutasun eta umore nahasketa erabilita.
1958an, Figuerak ‘Belleza Cruel’ sinatu zuen; bidegabekeria, opresioa eta askatasunarekin zuen konpromezuaren inguruko liburua. Frankismoaren zentsura ekiditeko, Mexikoko lagun batzuei bidali zien lana, eta bertan publikatu zuten. Lanak arrakasta izan zuen, eta Nueva España saria (Espainiar Intelektualen Mexikoko Batzordeak ematen zuen garaikurra) eman zioten.
Urtebete beranduago, Julio Figuerak jasotako lan eskaintza bat tarteko, Avilesera joan ziren Julio bera eta Ángela emaztea. Garai horretan idatzitako poema solteez gain, poetak bere ibilbidearen bigarren aroa itxiko zuen lana kaleratu zuen 1962an: ‘Toco la tierra. Letanías’. Unean arrakasta gutxi izan zuen arren, idazlearen obra ikertu duten askorentzat Figuerak idatzitako testu bikainenetarikoa da.
Madrilgo bizimodu bohemioa atzean utzita, idazleak atsedena hartu, familiaz gozatu eta haurrentzako poemak idazteko tartea hartu zuen. Hala azaldu zuen 1974an ‘Destino’ aldizkarian emandako elkarrizketan: “Isildu egin naiz. Ez dakit oso ondo zergatik. Galdetu egiten didate eta nik neuk ere galdetzen diot nire buruari. Ez dakit erantzuten. Zerbait idatzi dut eta asko apurtu dut. Agian oihu egiteaz nekatu naiz eta apur batean esertzeko beharra daukat, amona eta etxeko andre izan eta zahartzaroaz gozatu eta ahazteko gai izan, nire kezkak gero eta handiagoak baitira, gero eta kezkatuago bainago munduak hartu duen martxarekin eta etengabe zapaltzen dituzten herrien minarekin”.
1969an, Avilesetik Madrilera bidean Ana bilobari kontatzen zizkion ipuinetan oinarrituta, Figuerak ‘Cuentos tontos para niños listos’ izeneko poema liburua kaleratu zuen, lehenengo Mexikon eta gero espainiar Estatuan. Figuerak ‘Canciones para todo el año’ izeneko azken liburu bat bukatu zuen hil aurretik, eta gerora publikatu zioten. Bertan, tonu lirikoagoa erabilita, animaliak, Gabonak eta naturaren inguruko poemak bildu zituen.
Ángela Figuera Aymerich Madrilen hil zen, 1984ko apirilaren 11n, 81 urterekin. Bere obra ikertu duten profesionalen ustez, merezi zuen aitortza jaso ez zuen idazle trebea izan zen Figuera.
Idazlearen jarrera oldarkorrak eta erregimen frankistaren kontrako poemek kalte egin zioten bere obraren hedapenari. Espainiatik kanpo, ostera, hamaika ikertzaileren ardatz bilakatu da poetaren obra. Joanna Evans irlandar akademikoak bilbotar artistaren obran oinarritu zuen bere doktore tesia, eta Ángelaren arrakasta ezaren klabeetako bat azpimarratu zuen bertan: bere garaiko poeta (gizonek) apaldu zuten Figueraren obra.
Urteak igarota, Figueraren idatziak frantsesera, ingelerara, arabierara, txekierara, errumanierara, suediarrera, txinatarrera, errusiarrera, ukrainerara eta turkierara itzuli dira, besteak beste. Gainera, Figueraren obra aletu duten lan ugari egin dira Amerikako Estatu Batuetan, Kanadan, Puerto Ricon, Italian eta Erresuma Batuan.
Poetaren olerkiak ikastetxeetan ikasten dira egun, berak halako pretentsiorik ez zuen arren. Ohikoa zuen umore eta buru argitasunaz baliatuta, bere ondarearen inguruko hau idatzi zuen artistak: “Zer axola du ordu hau igarota, eta denak hilkorrak izanda, nire poemak igaro eta galtzen badira? Ez gara etorkizunaren jabe”.