Skip links

Dolores Ibárruri Gómez: buruzagi politiko komunista historiko bat izan zen

DOLORES IBÁRRURI GÓMEZ, PASIONARIA BEZALA EZAGUNA, BURUZAGI POLITIKO KOMUNISTA HISTORIKO BAT IZAN ZEN. BIZKAIKO MEATZALDEKO LANGILEEN URRITASUNAK MARKATUTAKO BIZITZA IZAN ZUEN, ETA ESPAINIAKO ALDERDI KOMUNISTAKO BURUZAGI IZATERA IRITSI ZEN, ERBESTEAN. BERE ORATORIA ETA AHOTS AHAZTEZINA GAUR EGUNERA ARTE MANTENDU DIRA HERRIAREN DUINTASUNAREN ALDE BORROKATZEN DIREN HORIEN ARTEAN.

María de los Dolores Ibárruri Gómez Gallartan jaio zen, 1895eko abenduaren 9an. Jatorri soriarra zuen Juliana Gómez eta Ibarruriko elizpean (egungo, Muxika) jaiotako Antonio Ibarruriren alaba, Meatzaldeko garaiko familietako batean hasi zen Dolores, ingurune katoliko eta karlistan.

Garaiko meatze guneetako herritarrek zituzten bizi baldintza gordinak tarteko, Dolores gaixotu egin zen umetan, eta familiak lanik egin gabe egoten eta ikasketak burutzen utzi zion, 15 urte bete zituen arte.

Gure protagonistak ikasteko zuen gaitasunaz konturatuta, Doloresen irakasleak goi mailako ikasketak egiteko proposamena egin zion. Hala, Escuela Mayor izeneko zentroan izena emateko asmoa zuen, irakasle izatera iristeko ametsa bete ahal izateko. Sarbiderako azterketa prestatu zuen arren, gurasoek ez zioten utzi matrikula egiten; izan ere, ez zuten uste meatzari etxe bateko alabak irakasle izateko aukerari izango zuenik. 1910ean, ikasketak utzi eta joskintza tailer batean hasi zen lanean.

Aitaren ideologia politikoak eraginda, eta Bizkaiko Meatzaldeko urritasun ekonomikoa tarteko, gerora kontzientzia politiko bilakatu zen frustrazio handi batekin hazi zen Dolores nerabea. Hala kontatu zuen bere memorietan (‘El único camino’, Dolores Ibárruri, 1962): “Samin pisutsu bat igartzen nuen, amorru etsigarri batek hartuta ikusi nuen nire arima gaztea, denaren eta denen kontra egiten nuen, eta asaldura hori kontzientzia bilakatu zen denborarekin.

Lanean hasi eta gutxira, joskintza tailerra utzi zuen. Hala ere, ondorengoek kontatu izan dutenez, Ibarrurik josten jarraitu zuen bizi osoan zehar.

Lanez aldatuta, Dolores zerbitzari joan zen Gallartako merkatari batzuen etxera. 1916an, Julián Ruiz Gabiña meatzari sozialistarekin ezkondu zen, Doloresek berak iragarritako profezia beteta (aurretik aipatutako memorietako pasartea): “Mirabe gisa aritzeko edo ezkondu eta meatzari baten emazte izateko prestatzen ari nintzen, nire familiaresn historia errepikatuz”.

Urte horretan, ezkonberriak Somorrostrora joan ziren eta bertan jaio zen Ester, euren lehen alaba. Etxean umetatik irakurritako liburu katolikoak alde batera utzita, marxismoaren inguruan irakurtzen hasi zen Dolores, senarraren eguneroko politikoaren eraginpean (Julián Ruiz Espainiako Langileen Alderdi Sozialistako kidea zen).

Garai horretan, Ibárruri Bizkaiko langileen prentsan kolaboratzen hasi zen, beharginen baldintza krudelak salatzen zituzten testu oldarkorrak idatziz. Sozialismoan eta marxismoan sakondu ahala, doktrina katolikoa alde batera uzten joan zen gure protagonista. Idatzitako lehen testu horiek gerora ezizen historiko bilakatuko zen ‘Pasionaria’ gisa sinatu zituen.

la pasionariaGA! aldizkariaGA! aldizkariala pasionaria12131917an, Errusiako Iraultzaren testuinguruan, Espainiako Langileen Alderdi Sozialista (PSOE) bitan banatu zen: sobietar boltxebikeak babestu eta bertako eredua jarraitu nahi zutenen bandoa eta Internazional Komunistan parte hartu nahi ez zutenen bandoa. Dolores eta bere senarra lehen aukeraren aldekoak ziren arren, bigarrenek erabaki zuten alderdi sozialistaren etorkizuna.

Erabaki horrekin ados ez zeuden hainbat militante euren mundu ikuskeratik gertuago zegoen alderdi propioa sortzen hasi ziren, eta horrela jaio zen Espainiako alderdi komunista, Partido Comunista Español (PCE) izenpean. Dolores Ibárruri lehen bilera horietan egon zen emakume bakarrenetarikoa izan zen, eta denbora gutxiren bueltan, ardura postuetara iritsi zen. 1923an, PCEen Bizkaiko arduradun izendatu zuten. Alderdi politikoaren lehen urteetan, probintzia hau izan zen militante kopururik handiena zuen lurraldea.

Urte berean iritsi zen Espainiara Miguel Primo de Riveraren diktadura. Agintariak gogor jazarri zituen komunistak, eta bere aginteak iraun zuen bitartean langileen prentsa debekatu eta militanteetako asko atxilotu zituzten. Julián Ruiz, Pasionariaren senarra, diktadurako urteetan espetxetik sartu eta atera ibili zen buruzagi komunista horietako bat izan zen.

920 eta 1929 bitartean, Dolores Ibárruri bost aldiz erditu zen, seme batez eta lau alabaz: Rubén, Amagoya, Azucena, Amaya eta Eva. Ester (1916an jaio zen lehen alaba), Amagoya, Azucena eta Eva jaio eta gutxira hil ziren, gaixorik. Hala, Rubén eta Amayak soilik lortu zuten bizirautea.

Soineko beltza zen Pasionariaren ezaugarri fisiko deigarrienetako bat. Politikaria umetan jantzi zen doluzko lehen aldiz, neba bat hil eta gero, eta bizitzan aurrera egin ahala lutoak kateatzen joan zen, jantzi beltz horiek ikur bilakatzera iristeraino.

Jazarpen politikoa, alaben heriotzak, urritasuna eta amatasuna, denak batera, elkartu zitzaizkion Doloresi. Hala ere, idazten zituen testu politiko eta propagandistakoei esker, alderdi komunistan gero eta sona handiagoa lortzen joan zen, 1930ean PCEen Batzorde Nagusiko kide izendatu zuten arte. Aitzindaria izan zen Ibárruri, garai horretan ez baitzen batere ohikoa emakume bat goi politikara iristea.

Bigarren Errepublika heldu bezain pronto (1931-1939), Dolores senarraz banatu eta Madrilera joan zen, seme-alabekin, Mundo Obrero alderdi komunistaren egunkari ofizialean erredaktore gisa aritzeko. Bertan ezagutu zuen Irene Falcón kazetaria, handik eta gutxira bere laguntzaile, idazkari eta bizi osorako ezinbesteko lagun bilakatuko zen emakumea.

1932an, gure protagonistak PCEeko Emakumeen Komisioa sortu zuen, emakumeek langile borrokan zuten papera ikusgarri egiteko. Garai harla pasionariaGA! aldizkariaGA! aldizkariala pasionaria1617tan, hiru aldiz atxilotu zuten Ibárruri, eta horietako batean bederatzi hilabeteko kartzela zigorra bete zuen. Ordurako emakumeen kartzelak existitzen ziren arren, Madrilgo Quiñones eta Bilboko Larrinaga kasu, ez zen arrunta emakumeak arrazoi politikoengatik espetxeratzea.

Askatu zutenean, Dolores Ibárruri bere alderdiko hautagai gisa aurkeztu zen 1933ko hauteskunde orokorretara, arrakastarik gabe. Hala ere, Gerra eta Faxismoaren Kontrako Espainiako Emakumeen Batzordeko zuzendari izendatu zuten.

1936an, Frente Popular ezkerreko alderdien koalizioak Bigarren Errepublikako hauteskundeak irabazi zituen urtean, Pasionaria Asturiaseko Frente Popularreko diputatu hautatu zuen herriak. Bertatik, bere diskurtsoaren ildo sendo, zuzen eta sutsuarekin munduaren zati handi bat konkistatzea lortu zuen.

Politikagintza instituzionalaz gain, ekintza zuzenaren aldekoa zen Ibárruri. Besteak beste, Oviedoko espetxeko preso politikoen liberazioan parte hartu zuen. Horrela oroitzen zuen politikariak berak ‘La Vieja Memoria’ dokumentalean (Jaime Camino, 1977): “Zintzoa izanda, une hori nire borrokalari garaiko hunkigarriena izan zen, espetxeko korridoreetan barrena korrika joan nintzen: Kamaradak, denok kalera!oihukatuz. Giltzak eskuetan nituen eta ziegetako ate guztiak ireki nituen, kideak irtetzeko”.

Politikaren eszenako hizlari ezagunena bilakatuta, eta Gerra Zibila iritsi orduko, Gorteetako presidenteorde izatera pasatu zen Dolores Ibárruri. Garai horretakoak dira berak esandako esaldi ospetsuetako asko; besteak beste, bereak ez ziren arren ezagun egin zituen “Ez dira pasako!” eta “Hobe zutik hiltzea belauniko bizitzea baino” leloak.

Errepublika erori baino hilabete batzuk lehenago, Dolores Ibárruri Moskun erbesteratu zen, Amaya eta Rubén seme-alabekin. Bertan, Pasionariak espainiar komunisten Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunerako (SESB) migrazioaren fluxua koordinatzen lagundu zuen.

Naziak SESBera iritsi zirenean, Rubén semeak Armada Gorrian eman zuen izena eta Stalingradeko gudu ezagunean hil zuten, 22 urte zituela. Galera honek betirako markatu zuen agintariaren bizitza, bere memorietan idatzi zuenez: “Inoiz sentitutako minik sakonena sentitu nuen, semea galtzen duen amarena. Nire seme bakarra zen, eta mundura ekarritako seiretatik Amaya baino ez zitzaidan gelditzen”.

Bigarren Mundu Gerra bukatu baino hilabete batzuk lehenago, Ibárruri Frantziara joan zen. Han, PCEeko idazkari nagusi izendatu zuten 1942, erresistentziaren ikur bilakatuta, erbestean emandako urteak saritzeko. Une horretan, Dolores Ibarruri historiako liburuetara igaro zen, espainiar alderdi bateko buruzagi izendatu zuten lehen emakume gisa.

Klandestinitatetik zuzendu zuen bere alderdia, Francisco Francoren erregimenaren bukatzeko helburu argiarekin. 1948an, Ibárruri Stalinekin bildu zen espainiar diktadurarekin amaitzeko gomendio eske, baina gutxirako balio izan zion, handik gutxira besikula ebakuntza egin behar izan baitzioten.

Moskura bueltatu zen, aurreikusitakoa baino luzeagoa izan zen errekuperazioa bertan egiteko. Sendatze prozesu konplikatuak Pasionariaren lidergoaren bukaera ekarri zuen. Izan ere, Vicente Uribe PCEeko administrazio zuzendari izendatu zuten, alderdiaren erabaki estrategikoen pisua bere gain utzi eta idazkari nagusi izaten jarraitzen zuen Ibárruri bigarren plano batean lagata.Hala ere, gure protagonistak alderdi komunistako buru izaten jarraitu zuen, erbestetik egin zezakeen guztia eginez. Tartean, Bucaresten bizi izan zen denbora batez, gerra garaian komunisten artean komunikatzeko sortutako Radio España Independienteren egoitza berria sortzeko.

1960an, alderdiarekin erabat deskonektatuta, Dolores Ibarrurik Santiago Carrillo kideari eman zion alderdiaren zuzendaritza nagusia. Goi lidergoa utzi eta bi urtera, 1962an, Pasionariak ‘El único camino’ izeneko memorien lehen alea kaleratu zuen, gerora hamaika hizkuntzetara itzuli den liburua.

Erbesteratutako politikaria sorterrira bueltatzeko borrokatu zen arren, hamazazpi urte behar izan zituen. Exiliatuta eman zituen urteak bereziki gogorrak izan ziren, Lola Ruiz-Ibárruri Sergueyeva Doloresen ilobak ‘¡No pasarán!’ liburuko (Mario Amorós Quiles, 2021) aurkezpenetan azaldu zuenez: “Une latzak izan ziren. Franco 1975eko azaroaren 20an hil zen, amonak 80 urte bete behar zituen handik hiru astera. Diktadorearen heriotzak erbesteratzearen bukaera ekarriko zuela uste genuen, baina hilabeteak aurrera egin ahala ez zioten pasaporterik ematen. Espainiak itxita jarraitzen zuen berarentzat, eta tristuraz eta etsipenez beteriko garaiak izan ziren amonarentzat”.

Pasionariak 1977ko maiatzean lortu zuen Madrilera itzultzea, ia berrogei urteko erbestaldiaren ostean, 81 urterekin. Alderdikideek eta militante komunistek harrera beroa egin zioten, eta lehen hauteskunde demokratikoetan Asturiaseko PCEeko diputatu hautatu zuten, beste behin.

Bere azken egunak iritsi arte alderdiko kide konprometitua izaten jarraitu zuen arren, gero eta agerpen publiko gutxiago egiten hasi zen, eta bizitza politiko aktibotik toki sinbolikoago batera igaro zen. Hil aurreko azken urteak ia etxetik atera gabe igaro zituen, eta bertan hartzen zituen kazetari eta kamaradak.

Dolores Ibárruri Gómez Madrilen hil zen, 94 urte zituela, 1989ko azaroaren 12an. Espainiako hiriburuan egin zuten hileta masiboaz gain, aste horretan zehar, beste hainbat lekutan omenaldia handiak egin zizkioten. Pasionaria ekintza zuzenaren aldeko apustua egin zuen langile klasearen aldeko borrokalari eta agintari sutsua izan zen, eta horrela gogoratzen dugu gaur egun ere. 2005eko ekainean, PCE alderdiak betirako ohorezko presidenta titulua eman zion Ibarruriri. Hil zen unetik aurrera, hainbat hiri eta herrietan bere memoria omentzeko oroitarri eta kaleak aurki ditzakegu.